XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) tradizionalki gazte-literatura deritzonaren ezaugarri berezkoenak dira.

Eta gazte-literatura aipatu dugunez, gogora dezagun ikasleek udan (aisialdirako denbora luzeena duten aldian) irakurtzen dituzten liburuei buruz galdetzean literatura mota honetan kokatu izan diren egileen izen zerrenda luze batez erantzuten zitzaigula.

Esandakoaren frogagarri, euskarara itzulitako egileen artean udan irakurtzen zituztenak Patricia Highsmith, Jules Verne, James M. Cain, Emilio Salgari topatzen ditugu, edo gazteleraz irakurtzen dituztenen artean: Agatha Chiristie, Stephen King, Andrews, Tolkien, Michael Ende, Susan Hinton.

Zerrenda horiek ikusi ondoren, hainbat gogoeta datorkigu burura:

1) Batetik, euskal egileez osaturiko zerrendarekin duten desberdintasuna.

Gogoratu euskaraz udan irakurtzen dituztenen artean Atxaga, Garate, Urretabizkaia, Saizarbitoria, Kirikiño, Lertxundi, Gereño, Sairrionaindia eta Pako Aristi ditugula.

Eta idazle hauen elaberri motak eta lehenago aipatutakoenak ez dira inondik ere berdinak.

Esan daiteke, Garate eta Gereño kenduta, ikasleen zaletasunetik urrun dauden elaberriak idazten dituztela.

Agian horregatik izango da udan ikasleek gehiago irakurtzea gazteleraz euskaraz baino.

Baina hain erraz ulertzen ez dena udako irakurketa horietan euskarara itzulitako elaberriek duten arrakasta urria da, bertan errazago aurki baitezake ikasleak topatzen duen elaberri mota.

Zentzu honetan, nahiko harrigarri suertatzen da ezagutza falta hori, baldin eta haur-gazte literaturaren zatirik handiena itzulpen lanek osatzen badute (1991ean haur eta gazte literaturaren %62a itzulpenak ziren).

Beraz produzitu egiten da, baina ikaslearen eskuetara ez da eskaintza horren oparotasuna iristen.

Gertakari horrek indar gehiago hartzen du, udan irakurtzen dituzten itzulpen urri horiek begiratu ondoren gehienak aspaldian itzulitako lanak direla ikustean.9 Egia esan euskal literaturan ezin da aspaldi hitza erabili, baina hori diogunean zera eman nahi dugu aditzera: Abereen etxaldea edo eta Nikolas Txikiren oporrak bezalako tituluak direla gehienetan azaltzen direnak itzulpen berriagoen oihartzun gutxi ikusten delarik.

Hau da, zera eman nahi dugu aditzera, gure inpresio apalean ikasleak ez daukala azkenaldian argitaratutako itzulpenen berri.

Eta hau badiogu benetan itzulpen interesgarri eta gustagarriak daudela pentsatzen dugulako da.

Euskal liburudendetara hurbiltzen den edonork gaztelerazko irakurle asko harrituko lituzkeen itzulpenak topa ditzake hainbat bildumatan (propaganda gehiegirik egin gabe, Igela-ren Sail beltza, edo Ibaizabalen Klasikoen itzulpenak, edo eta Erein-en Auskalo Saila, edo eta Elkar-en Itzul eta Branka Sailak).

Gauzak horrela, gure iritziz, argitaratzen diren liburu berrien informazio zuzenagoa lortzeko bide berriak ireki beharko lirateke.

Izan ere, arazo honen aurrean maiz eman ohi den aitzakia (irakasleek ez dizkiete irakurgai berriak agintzen ikasleei) ez baitzaigu baliogarria (edo nahikoa) iruditzen.

Errazegia deritzogu irakurketa aukera honen erantzunkizuna irakaslegoan soilik dagoela esateari, izan ere, eguneroko lanean (heziketan) ez aspertzeko adinako lana baitauka irakasleak, eta bestalde, eskolatik ihes egin behar baitu irakurketak.